Zer betebehar dituzte enpresek desgaitasunaren arloan?

Orrialdearen edukia

1/2013 Legegintzako Errege Dekretuan jasota daude (1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena).

50 langile edo gehiago dituzten enpresa publiko eta pribatuetan, bertako langileen gutxienez % 2k desgaituak izan behar dute.

Kalkulua egiteko, enpresaren langile guztiak hartzen dira kontuan, nahiz eta lantoki bat baino gehiago izan, eta ez du zerikusirik langileen kontratu motarekin. Nahi baduzu, lortu informazio gehiago desgaitasun maila nork eska dezakeen eta nola eskatzen den jakiteko.

Salbuespen gisa, enpresak partzialki edo osorik salbuetsita gera daitezke ordezko neurriak hartzen badituzte.

Salbuesteko ziurtagiria Enplegu Zerbitzu Publikoaren ebazpena da. Haren bidez, jaso duen enpresak denboraldi batez ez du ordaindu behar % 2ko erreserba kuota, eta ordezko neurriak aplikatzeko baimena ematen du. Ziurtagiri hori jasotzeko, ezinbestekoa da baldintza hauek betetzea:

  • Arrazoi produktibo, tekniko, ekonomiko edo antolakuntzakoengatik, zailtasun berezia egotea enpresan desgaitasuna duten langileak sartzeko.
  • Enplegu zerbitzu publikoek eskaerari erantzun ezin izatea, desgaitasuna duen pertsonak interesik ez duelako edo baldintzak onartzen ez dituelako.

Salbuesteko ziurtagiriak ez du salbuesten legea betetzetik, 364/2005 Errege Dekretuan jasotako ordezko neurrietakoren bat hartzera behartzen baitu:

  1. Enplegu zentro berezi batekin merkataritzako kontratua edo kontratu zibila egitea, enpresaren funtzionamendurako behar diren ondasun eta zerbitzuak erosteko.
  2. Desgaitasuna duen langile autonomo batekin merkataritzako kontratua edo kontratu zibila egitea, jarduerarekin zerikusirik ez duten baina haren osagarri diren zerbitzuak emateko.
  3. Erakunde edo fundazio bati dohaintza egitea edo babes ekonomikoa ematea, baldin eta erakunde edo fundazioaren helburu sozialak hauek badira, besteak beste: prestakuntza profesionala eskaintzea, laneratzea edo era guztietako pertsonen alde enplegua sortzea.
  4. Langune bat eratzea, enplegu zentro berezi batekin kontratua egin ondoren.

Enplegu Zerbitzu Publikoak ebazten du salbuesteko ziurtagiria eman ala ez, eskaera egin eta bi hilabetera. Epea pasatu eta ebazpenik eman ezean, ziurtagiria onartzen dela ulertuko da, administrazioaren isiltasunagatik.

Salbuespen adierazpenak hiru urteko balioa izango du eta, epe hori igarotakoan, beste adierazpen bat egiteko eskatu ahal izango da, arrazoiek badiraute.

Ordezko neurriak formalizatzeko eta martxan jartzeko epea hiru hilabetekoa da, ebazpenaren berri ematen denetik, eta salbuesteko ziurtagiriaren balio aldian zehar gauzatu behar dira, nahiz eta urtero xede horretara bideratu behar diren gutxienez.

Ordezko neurriak erabili arren, enpresek ahaleginak egin behar dituzte ziurtagiriaren balio aldian zehar desgaituak kontratatzeko, gutxienez langileen % 2 osatu arte. Ziurtagiriaren hiru urteko indarraldia amaitu ondoren desgaituen portzentajea % 2ra iristen ez bada, berriro eskatu behar dute salbuesteko ziurtagiria.

Legea bete ezean, autonomia erkidegoek zehapenen araubidea dute; arinetatik hasi eta oso larrietara doaz zehapenak. 301 € eta 1.000.000 € bitartekoak dira eta administrazioarekin kontraturik egiteko debekua ekar dezakete.​​​​​​​​​​​​